XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Edozein fede modu bezala, utopia tankerazko fede gizatiarra ere azken axolaz axolatuta egotea da.

Honek ematen dio onerako eta gaiztorako indar ikaragarri hori.

Fede gizatiarraren azterketa hau (eta lehengoa) aurrean dugula, ia itxuragabekeria da mendebal sekularrak fedea galdu egin duela esatea.

Fede sekularra du, eta honek jarri ditu erlijio mota guziak beren buruak zaindu nahian; baina fedea da eta ez fedegabezia.

Azken axolaz axolatuta egotea da fede sekular hori, eta axolagaiari osorik atxikitzea.

4.- Fede mota ezberdinen batasuna
Sainduarekiko esperentzian berez batuta daude ontologiazkoa eta moralezkoa; fede bizitza konkretuan, ordea, elkarrengandik aldendu egiten dira eta elkarren arteko eskatimatara eta elkar hondatzera jotzen dute.

Hala ere, berezko batasuna ezin zeharo ezereztu: lehen esan bezala, beti dago fede mota bakoitzekotik bestean ere.

Sakramentuzko fede mota, esaterako, ritu legez beteta dago: garbitzapenak, prestamena, liturgi arauekiko menpetasuna eta etika aldetik egoki jokatu beharra.

Bestalde, ikusia dugu zenbat rituzkorik dagoen lege erlijioetan moralezko fede motan, alegia.

Berbera esan daiteke fede gizatiarrari buruz ere; izan ere, fede mota erromantiko-kontserbakorrean idoro daiteke, batetik, aurrerakoizko eta utopikozkorik; (...).